Gobierno Vasco

Euskal Eskola Publikoaren 26. Jaia

  • 23-02-2017 |

Euskal Eskola Publikoaren 26. Jaia

Ekainaren 4ean Gasteizen ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren Jaia aurkeztu zuten atzo Lurdes Imaz, EHIGEko koordinatzaileak, Lurdes Errasti, Arabako Denon Eskola federazioko presidenteak eta Unai Diaz de Mendibil, Aldaialde eskolako aitak.

Zabalgana eskolako ikasleek Imanol Urbietaren “Zapatain dantza” abestiaren koreografia bat egin zuten aurretik.

Helburuak

Euskal Eskola Publikoa hezkuntza-sistemaren oinarrizko ardatz egituratzailea izan behar dela jai giroan aldarrikatzea da 1994tik guraso elkarteok antolatzen dugun Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburu nagusia.

Helburu nagusi horretaz gain, eskola publikoak duen zeregina azpimarratu nahi dugu aurten gizarte kohesionatua eta integratua lortzeko. Publikotasunetik soilik lortu daiteke hezkuntza sistema inklusibo eta ekitatiboa. Zabalganako eskola publikoak horren adibide ona dira, aniztasuna aprobetxatuz eskola euskaldun, publiko, inklusibo eta anitza lortu dutelako.

Leloa eta irudia

 

“Josi ta josi” da Euskal Eskola Publikoaren 26. Jaiaren leloa. Lelo honen bidez hauxe transmititu nahi dugu: aniztasunak eskaintzen duen aberastasunetik abiatuta, Euskal Eskola

Publikoak elkarbizitzan oinarritutako gizarte kohesionatua eraikitzen duela, eta errespetuaren eta tolerantziaren baloreetan hezten dituela etorkizuneko belaunaldiak.

Irudiak ideia hau erakusten du, kolore desberdinetako piezak gainjarriz, oinarrizko irudi horien aberastasuna eta aniztasuna barne hartzen duten pieza berriak sortuz. Ibon Saenz de Olazagoitia diseinatzaile gasteiztarrak sortu du irudia.

19.000 ikasletik gora Gasteizko ikastetxe publikoetan

Gasteizko ikasleen gehiengoa ikastetxe publikoetan dago eskolarizatua (40 ikastetxe, 19.000 ikasletik gora). Hauetatik lau Zabalgana auzoan daude eta 1390 ikasle dituzte guztira: Mariturri, Zabalgana eta Aldaialde lehen hezkuntzako ikastetxeak eta Zabalgana institutoa.

Jaiaren webgunean aurkituko duzue informazio guztia: www.euskaleskolapublikoarenjaia.eus

© IKASBIDEA IKASTOLA IPI
Telefonoa: 945299517 | Fax: 945299648 | 010012aa@hezkuntza.net zuzendaritza@ikasbidea.net