Gobierno Vasco

DENONA ETA DENONTZAKO EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE ETA SEGREGAZIOAREN KONTRAKO KONTZENTRAZIOA

  • 2018/05/14 |

Zuengana, euskal eskola publikoko familiak, eginkizun protagonista duzuenengana zuzentzen gara maiatzaren 25ean egingo den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatuz.

Gure eskola publiko anitza, inklusiboa eta kalitatezkoa aldarrikatuko dugu, umeak beren familien maila sozioekonomikoa, sexua, jatorria zein sinesmena edozein izanda ere, aukera berdintasunean hezi nahi dituena, eta euskal hezkuntza sistemaren ardatz eratzailea dela ozen esan nahi duena.

Horrekin batera, egunez egun sinetsi eta haren alde lan egiten dugun eskola honen indarra nabarmentzeaz gain, bertan gertatzen ari diren segregazio egoerak ere salatuko ditugu.

Zuekin batera egin nahiko genuke gizarte justu baten garapena ahalbideratuko lukeen hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatzen duen hezkuntza publikoarengan sinesten duzuelako.

Kontzentrazioa hiriko hiru leku ezberdinetatik aterako diren 3 zutaberekin hasiko da (erantsitako taulan zein elkargune dagokizuen aztertu ahal izango duzue). Trikitilari, hankapalo, musika edota abesti ezberdinek zutabe hauek giro ditzakete. Egun horretan eramateko eta mobilizazioa girotzeko zuen eskolan kartelak, pankartak, banderatxoak edota bururatzen zaizuen guztia egitea proposatu eta egitera animatzen zaituztegu

18:30etan, 3 zutabe hauek Andra Mari Zuriaren plazan batuko dira (ikusi ibilbidea). Behin guztiok elkartuta, zuei banatuko dizkizuegun kartoizko kutxak erabiliz (Guraso Elkarteei kutxa bana banatuko zaie) , gure euskal eskola publikoaren hormak eraikiko ditugu era sinbolikoan. Kutxa bakoitzean sortu nahi dugun euskal eskola publikoaren ezaugarriren bat edo batzuk idaztea proposatzen dizuegu. Zuen zutabean eraman eta Andra Mari Zurira heltzean, zuen ikastetxeko ikasle batek eraikin sinbolikoan jartzea da ideia.

Eskola hori ahalbide dezagun! 25ean eratzen has gaitezen! Zuen esaldiek hurbilago sentiaraziko digute.

Zuen zain gaude! Zuek gabe ez da-eta posible izango!

Aldez aurretik, eskerrik asko euskal eskola publikoa den komunitate zabal honen kidea izateagatik, berarengan sinetsi eta borrokatzeagatik.

 

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDEKO GASTEIZKO PLATAFORMA

© IKASBIDEA IKASTOLA IPI
Telefonoa: 945299517 | Fax: 945299648 | 010012aa@hezkuntza.net zuzendaritza@ikasbidea.net